3. Ogasuna
1. Arloa kopurutan
2012. urtean zehar 99 erreklamazio izan dira Ogasunaren arloan; beraz, Erakundeak izapidetutako kexa guztien %3,91 arlo honetakoak izan dira. Ondoren administrazioka xehakatuko ditugu:
– Tokiko administrazioa.....55
– Foru administrazioa.....32
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza).....5
Honela sailkatu ditugu aztertutako kexak, gaiak edo azpiarloak kontuan hartuta:
– Tasak.....32
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....29
– Tokiko zergak.....14
– Foru zergak.....12
– Prezio publikoak.....11
– Beste alderdi batzuk.....1
Ondoko taulan 2012ko ekitaldian kudeatutako kexen estatistikak ageri dira, ekitaldia itxi denean (abendua) eduki diren datuen arabera:
2. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan herritarrek Ararteko erakundearen aurrean aurkeztu dituzten kontu nagusiak jorratu behar dira. Jarduera batzuk besteen gainetik azpimarratzea oso zaila bada ere, bi kontu bakarrik nabarmenduko ditugu: Ohiko etxebizitzan inbertitzeko epeari dagokionez PFEZan lurraldeen artean dagoen tratamendu ezberdina eta zergaren mende dagoen ondasunaren titularkideen senar-emazte arteko hausturek Ondasun Higiezinen gaineko Zergan duten eragina.
PFEZa erregulatzen duten hiru arauek zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzeagatik lortutako ondare irabaziak ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik salbuespena jasotzen dute, betiere, eskualdaketa horretan lortutako zenbateko guztia ohiko etxebizitza berri baten erosketan inbertitzekotan, beste hainbat baldintzen artean, 2 urteko epean.
Egoera oso larriak eragiten ari zen hipoteka-maileguen eskaintzan egondako geldiarazpenaren aurrean, Gipuzkoako Foru Ogasunak, Zerga Koordinaziorako Organoan jakinarazitako erabakien oinarriaren gainean, inbertitzeko epea 2 urtetik 3 urtera luzatu zuen, ohiko etxebizitza 2006ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean erosten zenerako eta ondoren aurreko ohiko etxebizitza eskualdatzeko. Luzapen horrek ez zuen onurarik ekarri kontrako egoeran, hau da, hasierako ohiko etxebizitza eskualdatu eta ondoren ohiko etxebizitza berria erostekotan. Bigarren egoera horretan, etxebizitza horien eskualdatzaileek hasierako 2 urteko epea izaten jarraitzen dute ohiko etxebizitzan inbertitzetik lortutako salbuespena gauzatzeko.
Araba eta Bizkaiko foru ogasunek epe hori are gehiago luzatu zuten eta 4 urtetan finkatu zuten, bai etxebizitza berria erosi (2006ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean) eta ondoren aurreko ohiko etxebizitza eskualdatzen zenerako, bai kontrako egoerarako, hau da, hasieran eskualdatu (2006ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra) eta ondoren ohiko etxebizitza berria erosten zenerako.
Gipuzkoako herritarrak egungo egoera ekonomikoaren eta uneko merkatu higiezinaren zorroztasun handiagoaren aurrean egoera zaurkor eta zailago batean daudenez hurbileko arabar eta bizkaitarrekin alderatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiari kontu honen inguruan tratamendu homogeneoa bila zezala proposatu genion.
Ezberdintasun mota horiek, legezkoak diren arren eta lurralde historikoetan PFEZaren alorrean dagoen arauzko ahalmen osoan justifikatzen badira ere, herritarrentzat ulertzeko oso zailak dira, izan ere, bereziki une honetan horren korapilatsua den kontuari, hau da, ohiko etxebizitzan berrinbertsioa gauzatzeko epeari dagokionez bat egiten ez duen legeria ikusi dute, harrituta.
Zoritxarren, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen gure eskaera kontuan hartu eta Batzar Nagusietan ez da inolako zuzenketa edo proposamenik egin zentzu horretan.
OHZn ondasun higiezinen titularkidetasunari dagokionez, aintzat izan behar dugu subjektu pasiboan ondasun komunitate bat dagoela egiaztatzen ez bada, udalak kargatutako higiezineko titular guztiei OHZren likidazioaren jakinarazpena burutzeko beharra duela eta, ondorioz, horietako bakoitzak banakako likidazio baterako eskubidea dauka ordaindu beharreko dagokion kuota zehaztuz.
Guk aztertu behar izan genuen kasuan, irabazpidezko sozietatea iraungi zen senar-emaztearen arteko erregimen ekonomikoa desegin zuen dibortzioaren epaiaren babesean. Une horretatik aurrera ez zegoen unitate ekonomikorik, baizik eta ondasun higiezin baten %50aren titularrak ziren bi pertsona.
Ondoren, banakako likidazioak igorri behar ziren, administrazioak horiek emateko beharrezkoak ziren datu nahikoak ezagutzen baitzituen. Jarduera horrek ez du inolako zailtasun osagarririk eragiten zergak ordainarazten dituen administrazioarentzat, horrek, gainera, premiamenduzko bidea dauka zorraren ordainketa eskatzeko, hori borondatezko epean ordaintzen ez bada.
Administrazioak datu horiek ez baditu, ordaintzeko betebeharra dutenek lagundu behar dute datu pertsonalak, helbidea eta bakoitzaren parte-hartze portzentajea helaraziz.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Zerga araudia oso alor dinamikoa da eta ohikoa da foru zein udal mailako araudian eragina duten etengabeko doiketa eta eguneratzeak izatea.
Foru araudiaren aldaketa orokorrak Arabako Lurralde Historikoan 2012. urterako Zerga Neurriei buruzko abenduaren 22ko 18/2011 Foru Araua eta Ondarearen gaineko Zerga arautzen duen abenduaren 22ko 19/2011 Foru Araua onartzean gertatu ziren; Bizkaian, 2012rako eta 2013rako zenbait xedapen iragankor eta zergen arloko beste neurri batzuk onartzen dituen otsailaren 29ko 1/2012 Foru Arauarekin eta 2011rako eta 2012rako Ondarearen gaineko Zerga ezartzen duen abenduaren 28ko 4/2011 Foru Arauarekin eta Gipuzkoan, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga ekitatea lortzeko bidean aldatu eta beste zerga neurri batzuk onartzen dituen abenduaren 26ko 5/2011 Foru Araua eta Ondarearen gaineko Zerga berrezartzen duen abenduaren 26ko 6/2011 Foru Araua onartzerakoan.
Ezin dugu zalantzan jarri hartutako neurrien garrantzia; hala ere, uneko krisi ekonomikoak sakontasun handiagoko zerga politikako erabakiak hartzea eta iruzurraren eta itzurpen fiskalaren aurkako borroka gehiago indartzea eskatzen du.
2012. urtea bereziki aztoratuta egon den ekitaldia izan da, politika publikoetan egondako murrizketak ezaugarritzat dituena, bai estatu mailan bai EAEren esparruan. Igarotzen ari garen egoera ekonomiko zailak lurralde historikoen bilketan eragina izan du eta horrekin, politika publikoen gastua eta ezarketa baldintzatzen da.
Gure erakundeak buru dituzten sentsibilitate ezberdinen arteko desadostasuna Zerga Koordinaziorako Organora heldu da eta bertan ez da lortu, gai garrantzitsuei dagokienez, behar bezalako harmonizazioarekin aurrera egitea.
Nolanahi ere, uneko zerga sistemaren erreforma koordinatu egituratuagoa burutu nahi dela dirudi, adostasunez guztiz biribiltzen ez dena.
Aipatu beharra dago, garrantzia handia duelako, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege-dekretuak, 2012ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tasa orokorra eta murriztua nabarmenki igo zituela, %18 eta 8tik %21 eta 10era pasa baitira, hurrenez hurren.
Tokiko zergen alorrean, berritasun nabarmenenak Ondasun Higiezinen gaineko Zergan izan dute eragina, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetan.
Bizkaian, azkenik, Lurraldean ondasun higiezinen balioespen katastrala eguneratzeko gomendatutako prozesua burutu da eta horretarako araudi multzo garrantzitsua onartu da. Balio berriak aplikatu aurretik jakinarazi behar direnez, balorazio berriak 2014an sartuko dira indarrean.
Gipuzkoan, udal zergen esparruan zenbait aldaketa sartzen dituen uztailaren 4ko 4/2012 Foru Arauak toki erakundeei eskumena eman die, euren ordenantzen bidez, OHZren kuota likidoaren %150ra arteko gainordaina eskatu ahal izateko subjektu pasiboaren edo hirugarrenen –alokatu izanagatik edo erabilera lagatzeagatik– ohiko egoitza ez diren egoitza erabilerako ondasun higiezinei dagokienez.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Ogasuneko alorrak garatzen duen jarduera nagusia herritarrek helarazten dizkiguten kexa partikularrak aztertu eta ebaztean datza. Hala ere, alorrean ere garrantzia hartu du gomendio orokorrak burutzeko eta jarraitzeko zereginak, baita ofiziozko jardueren bultzadak ere. Azken horien helburua, araudi aldaketak sustatzea eta herritarrentzat egokiagoak diren administrazio jardunbideak ezartzen laguntzea da.
Krisi ekonomiko larri batean gaude eta horrek familien ekonomian duen zuzeneko eragina euskal gizartearen ehuneko oso handi batek pairatzen du, herritarren sektore askok jasandako erosteko ahalmenaren galera garrantzitsuan antzematen dena. Langabezia, lanaren estutasuna, jarduera ekonomiko mantsoagoa… familietan eskura dituzten baliabideen hondatze nabarmena eragiten ari dira eta, horrekin batera, baita bilketaren murrizketa ere.
Familia askoren finantza-egoera oso zaila da gaur egun, izan ere, euren diru-sarreren murrizketa zorrotzari dagoeneko pairatzen zuten zorpetze-maila handia gaineratzen zaio, halabeharrez.
Bereziki dramatikoa da euren ohiko etxebizitza galdu dutenen pertsonen egoera, sinatutako maileguaren kuotei aurre egin ezinik, hipoteka-bermea burutu delako.
Higiezin baten jabetzaren eskualdaketa hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren (HLBGZ) zerga egitateetako bat da eta, ondorioz, horren kokalekuaren herriko udalak hipoteka zordunari zerga horri zegokion likidazioa likidatzen zion.
Arazo larri horren aurrean, Ararteko erakundeak 2011n gomendio orokor bat eman zuen, foru arauak aldatzeko helburuarekin eta ondoren, horri jarraiki, baita zerga hori arautzen zuten udal ordenantzak ere, ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka betearazpenetatik sortutako lurren eskualdatzeak zergatik salbuetsita geratzeko.
Proposamen horren ondorioz hiru foru arauak aldatu dira, modu berean izan ez bada ere, izan ere, egoera horietan burututako ohiko etxebizitzaren erosleari lortutako zerga-kuotaren ordainketa helarazi zaio, eroslea zergadunaren ordezko subjektu pasibo bihurtu dela oinarri hartuta. Horrek, gainera, ezin dio zergadunari eskatu ordaindutako zerga betebeharraren zenbatekoa.
Hiru foru arauak 2012. urteko udaberrian zehar sartu ziren indarrean. Aldaketa hori zerga ordenantzetan gaineratu ez bada ere, hainbat toki erakundek zuzenean aplikatu dutela jakin izan dugu. Nolanahi ere, foru arauen eduki berria indarrean sartu zenetik, erakunde honetan ez dugu arrazoi horren inguruko kexarik jaso.
2010. urtean erakunde honek gomendio orokor bat eman zuen salatzeko zaborraren tasa kobratu izana, nahiz eta Gipuzkoako zenbait udalerritan zerbitzua modu eraginkorrean eman ez.
Onartu behar dugu, denbora ugari igaro bada ere, jardunarekin jarraitzeaz gain arazo bera antzematen hasi garela Bizkaiko Lurralde Historikoko landa guneko zenbait udalerritan. Murrizketek zaborra biltzeko zerbitzuaren antolamenduan eragina izan dute eta zerbitzu horri loturiko hiri altzarien hurbiltasun eta eskuragarritasunaren inguruko ohiko irizpideak edukiontzien eraginkortasun ratioak nagusitzen edo handitzen dituzten beste batzuekin ordezkatzen ari dira.
2012ko ekitaldi honetan zehar toki erakundeei proposatu diegu ordainagiri bidez aldizka kobratzen diren zergetan, zerga-onurak urtero eskatzeko baldintza aldatzea, onuraz hobeto baliatzeko aukera eskaintzen duten beste baldintza batzuen truke.
Toki erakundeek euren zerga ordenantzetan ordainagiri bidez aldizka kobratzen diren zergetan herritarren eskaerako zerga onura zerrenda anitza jasotzen dute. Udal batzuek, ziurrenik pertsona onuradunek ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen dituztela kontrolatu ahal izateko, onura horiek urtero konfiguratzen dituzte. Hori dela-eta, herritarrek urtero dagokion epean eskatu behar izaten dute aplika ditzaten.
Administrazio jardunbide oker hori hainbat udalerrik familia ugarietako kideei OHZn hobaria aplikatzean antzeman da.
Bereziki neketsua da pertsona onuradunei onuraren aplikazioa urtero ezarritako epean eskatzearen karga nekagarria helaraztea. Helburu bera lor daiteke, hau da, baldintzak behar bezala egiazta daitezke, herritarren intereserako egokiagoak diren neurriak erabiliz.
2012an ofiziozko 11 jardueren izapidea hasi da, hartzaile gisa hiru foru aldundiak eta Gasteiz eta Portugaleteko Udalak izan dituztenak. Zehazki, espediente horietan, ohiko etxebizitzaren hipoteka-betearazpenaren ondorioz sortu ahal izan zen ondare irabazia PFEZan zergatik salbuetsitzat jotzea proposatu da.
Uneko krisi egokiaren ondorioz ezohiko neurriak hartu behar dira familia asko pairatzen ari diren zailtasun larriak arintze aldera. Salbuespen horren helburua ez da euren etxebizitzaren hipoteka-betearazpena pairatu duten pertsonek bidezkoa ez den aberastasuna lortzea, ekonomikoki berreskuratzeko aukera eskainiko liekeen zerga tratamendua ezartzea baizik, etxebizitza galtzearen ondorioz eragindako familiak gizartetik baztertu ez daitezen. Foru aldundiek proposamenari heldu diote.
Etxeko langileak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean barneratu izanaren ondorioz, hiru foru aldundiei PFEZn zerga pizgarriren bat sortzeko aukera helarazi genien, etxebizitza horientzat, burututako arauaren aldaketaren ondorioz, langile horien Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzeak –etxebizitzan jardundako orduak aintzat izan gabe– zekarren ahalegin ekonomikoa aritzeko helburuarekin.
Egiturazko konponbide batek, zerga pizgarri bat ezartzeak, adibidez, etxeko lana neurri handiago batean azaleratu eta erregulatzera lagundu dezake, sektore horretan dagoen enplegu-maila hondatu ez dadin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, hasiera batean, proposamenarekiko desadostasuna helarazi zuen, ahalmen ekonomiko txikiagoa izateagatik, gastu horiek ordaindu ezin dituzten zergadunen aurrean diskriminatzailetzat jotzen duelako.
Arabako Foru Aldundiak ez du baztertu aurrerago PFEZan neurri pizgarriak gaineratzea, baina onartzen du une honetan ezin direla bideratu.
Txostena ixteko egunean ez genuen Bizkaiko Foru Aldundiaren behin betiko erantzunik jaso.
Era berean, Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zergaren esparruan araudia berrikus dadin proposatu dugu, lurren balorazioa malgutzeko aukera eskaintzen duten neurriak bideratu daitezen, subjektu pasiboak frogatzen duenean higiezinaren eskualdaketan gainbaliorik egon ez dela.
Etxebizitza asko higiezinen merkatuaren goranzko zabalkuntza egoeran erosi izan dira. Hala eta guztiz ere, uneko egoera ekonomikoaren ondorioz, jabe askok saldu behar izan dituzte, baldintza zorrotzetan eta eskaerarik gabe, eta horrek higiezin horien prezioen beherakada nabarmena eragin du. Horrek guztiak, titular batzuek bizi duten estutasun egoerarekin batera, higiezin horiek erosterakoan ordaindutakoa baino gutxiagorengatik bideratutako eskualdaketak eragin ditu.
Normalean, higiezinen plusbalioen gaineko tokiko ezarpenaren helburua lurraren titularrak edo edukitzaileak ahaleginik gabe eta berezko jarduerarik gabe eskuratu dituen irabaziak zergapetzea izan da. Hau da, nabarmenki hirigintza plangintzari eta inbertsio publikoari erantzuten zioten lurren balio igoerak zergapetzen ziren eta, beraz, logikoa zen irabazi horien zati bat behintzat erkidegoan leheneratzea, udalek sortu baitzuten aberastasun hori euren hirigintza jarduerarekin.
Oso zaila da herritarrei ulertaraztea zergak ordaintzeko beharra dutela euren ikuspuntutik egon ez den aberastasun bat adierazteagatik.
Zerga horren izatezko ekitatea hiri lurrek izandako balioaren hazkundeak eratzen du, horiek eskualdatzean edo horien gainezko gozatze eskubide errealak eratzean edo eskualdatzean agertzen dena. Hori bai, foru arauek metodo objektiboa ezartzen dute hiri lurren balioaren hazkundea kalkulatzeko, printzipioz ondorioztatzen baita jabetzaren eskualdaketak edo gozatze eskubide erreal baten eratzeak edo eskualdaketak balio igoera sortuko duela beti.
Arauek ez dute jasotzen higiezinak erosi baino prezio txikiagoan eskualdatzea, baina higiezinen trafikoak erreala dela islatu du.
Hasiera batean hiru foru aldundiek, gaiaren garrantzia zela-eta, proposamenaren azterketa Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoari helaraztea eta, behar izanez gero, neurri egokiak hartzea erabaki zuten arren, koordinaziorako organo horretan sustatu beharreko ekimenen inguruko zehaztapena eskatuta, uneko araudiak zergadunaren eskubideak urratzen dituela ukatu da eta, ondorioz, proposatutako zerga erreforma gaitzetsi da.
2012ko urtarrilaren 1ean Gasteizko zaborrak bildu eta suntsitzeko zerbitzuaren tasa arautzen duen udal ordenantzaren 72. tarifa indarrean sartu zen, herritarren artean desadostasun handia eragiten ari dena.
Tarifa hori, ordenantzaren hitzez hitzeko testuaren arabera, honako hauei aplikatuko zaie: “Zergaldiaren urtarrilaren 1ean inor erroldatuta ez duten etxebizitzak”. Ordaindu beharreko kuota 260 eurokoa da.
Zerga ordenantzak, gainera, zera zehazten du: “72. tarifari dagokionez, tasa honen subjektu pasibo direnen alokairuko etxebizitzei 11. 12. eta 13. epigrafeetako tarifak aplikatuko zaizkie, etxebizitza horietan inor erroldaturik ageri ez bada ere. Jabeak dagokien foru zergetan egindako aitorpenen bitartez egiaztatu egin beharko du alokairua badela”.
Eragindako herritar batzuek helarazi zizkiguten kontsulten ondorioz, ofiziozko kexa-espedientea ireki genuen Gasteizko Udalaren aurrean, neurriaren helburua zein zen zehaztu ziezaguten eskatuz. Era berean, gure zalantzak helarazi genituen, kargatutako tasa horrekin, antza, lortu nahi zen zergaz gaindiko arrazoia ikusita. Gure antolamenduak tasen zenbatekoetan aldaketak onartzen ditu, kontribuzio-ahalmenaren printzipio orokorrekin bakarrik justifika daitezkeenak. Nolanahi ere, aplikazioa malgutzeko beharra proposatu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren legerian etxebizitza hutsaren legezko kontzepturik ez dagoela gogorarazi zen.
Gure txosten-eskaerari erantzunez, Gasteizko Udalak, 2012ko otsailaren 21ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuela eta bertan zerga ordenantzaren epigrafe hori zalantzan jartzen zela besterik ez zuen adierazi. Toki erakunde horrek, gainera, udal hori auzitegiak horren inguruan ebatzitako erabakiari lotuko zitzaiola zehaztu zuen.
Azalpen gehiago eskatzean, toki erakunde horrek zehaztu du EAEANek, 2012ko ekainaren 6ko autoan, tarifaren aplikazioa eteteko eskaera ukatu zuela, beraz, toki erakunde horrek tasaren ordainketa eskatzen jarraitu du.
Nolanahi ere, proposatutako erreklamazio batzuk aintzat hartu direla adierazi du, bai subjektu pasiboek zerga ondorioetarako alokairu kontratu bat zutela bermatu dutelako, bai zergaren erroldak eta zentsuak bat egiten ez zutelako, edo bai 2011ko ekitaldiaren azken hiruhilekoan erositako babes ofizialeko etxebizitzak zirelako eta, beraz, 2012ko urtarrilaren 1ean esleipendunak etxebizitzan erroldatzeko epean zeudelako.
Arazo horrek konponbidea aurkitu du etorkizunera begira, izan ere, 2013rako zerga ordenantzak onartu eta aldatzeko prozesuan tarifa hori ezabatu da. Hala eta guztiz ere, txosten hau itxi deneko egunean, oraindik ere ebazteke daude eragindako herritar askok euren interes ekonomikoen defentsan sustatu dituzten erreklamazio zehatzak.
Azkenik, Portugaleteko Udalari proposatu diogu, bide publikoa aldamioekin hartzeagatiko tasa konfiguratzean, zerga kuota okupazio hori luzatzen deneko hilabeteen arabera ezar dadin. Une honetan ordaindu beharreko kuota urterokoa eta zatiezina da.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Espainiako Konstituzioak 31.1. artikuluan zera xedatzen du: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun– eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango”.
Betebehar hori zerga araudiaren konplexutasunak berak baldintzatzen du, izan ere, zergadunei eskatzen die administrazioek eskaintzen dizkieten errenta aitorpenak betetzeko zerbitzuak erabil ditzaten. Hala ere, zerbitzu horiek erabiltzeak ez du aldatzen aitortzailearen egoera juridikoa, beraz, egin daitezkeen ustezko akatsen edo balizko irregulartasunen ondorioak zergadunek pairatzen dituzte, horiek une oro euren ardurapean jardun izan balute bezala.
Krisi ekonomiko sakon batean gaude eta horrek familien ekonomian duen zuzeneko eragina euskal gizartearen ehuneko oso handi batek pairatzen du, herritarren sektore askok jasandako erosteko ahalmenaren galera garrantzitsuan antzematen dena. Langabezia, lanaren estutasuna, jarduera ekonomiko mantsoagoa… familietan eskura dituzten baliabideen hondatze nabarmena eragiten ari dira eta, horrekin batera, baita bilketaren murrizketa ere.
Egoera horren ondorioz ezohiko neurriak hartu behar dira familia asko pairatzen ari diren zailtasun larriak arintze aldera. Horren helburua ez da pertsonak bidezkoa ez den aberastasuna lortzea, ekonomikoki berreskuratzeko aukera eskaintzen dien zerga tratamendua ezartzea baizik.
Lurren balorazioa malgutzeko aukera eskaintzen duten neurriak bideratu beharko lirateke, Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zergaren esparruan, subjektu pasiboak higiezinaren eskualdaketan gainbaliorik egon ez dela frogatzen duen kasuetan. Higiezinek erosterakoan izandako prezioa baino merkeago saltzen ari dira eta errealitate hori aipatutako zerga arautzen duten foru arauetan islatu beharko litzateke.
Gure erakundeak gobernatzen dituzten sentsibilitate ezberdin eta legezkoen arteko desadostasuna Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa gainditu du eta arauzko esparrura igaro da. Herritarrentzat oso zaila da ezberdintasun horiek ulertzea, izan ere, bereziki une honetan horren korapilatsuak diren kontuei, hala nola, ohiko etxebizitzan berrinbertsioa gauzatzeko epeari dagokionez bat egiten ez duen legeria ikusi dute, harrituta.
Errekurtsoak ebazteko epearen barnean berariazko erantzun arrazoiturik ez eskaintzeak administrazioaren funtzionamendu zuzenaren kontrako prozeduraren patologia izaten jarraitzen du.
Tasa eta prezio publiko batzuetan tarifa desberdinak ezartzeko arrazoia subjektu pasiboen gaitasun ekonomikoen arteko desberdintasuna izan behar da, ez tasa edo prezio publikoa kobratzen duen udalerrian erroldatuta egotea edo ez.
Zordunei soldata bahitzen zaienean gutxienez Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) utzi beharra ondarearen kontrako premiamenduzko prozeduretan soilik aplikatzen da.
Uneko krisi ekonomikoaren testuinguruan, inoiz baino gehiago, zorren ordainketa luzatzeko eta zatitzeko adostasunak eskaini behar dira, bai betearazpen-bidean bai borondatezkoan, ekonomia apalak dituzten pertsonen bizitza estutasunean jartzen ez dutenak.